Legea, otsailaren 21 ean onartu zuen Euskadiko Legebiltzarrak eta, bai sektore publikoari, nahiz pribatuari eragiten dio.

SEKTORE PRIBATUA

Sektore pribaturako ezarritako helburu eta ekintzei dagokienez, industria, zerbitzu pribatu eta merkataritza alorretan, ekipamenduen, instalazioen, eraikinen, berokuntza eta hozte sistemen, ibilgailuen eta argiteriaren energia auditoretzak egin beharko dituzte enpresek, aurrezpenari eta energia eraginkortasunari lotutako eta instalazio berriztagarriak egiteko neurriak har daitezen.

Gainera, 100 pertsonak baino gehiagok txandaka lan egiten duten lantokietara joateko garraio plan bat eduki beharko dute. Plan horrek garraiobide publikoen edo titulartasun pribatuko ibilgailu alternatiboen erabilera ahalbidetzeko neurriak jaso beharko ditu. Halaber, eraikinaren energia eraginkortgasunaren ziurtagiria eduki beharko dute.

Hidrokarburo likidoen kontsumoa pixkanaka murriztu beharko da 2030ko abenduaren 31ra arte, industria sektoreko energia iturri gisa, data horretatik aurrera gutxiago kutsatzen duten energia iturriekin erabat ordeztu ahal izateko.

Bizitegi sektoreari eta hirigintza garapen berriei dagokienez, berokuntza, etxeko ur beroa edo hoztea produzitzeko instalazioa duten eraikinek kontsumo indibidualak kontabilizatzeko sistemak eduki beharko dituzte.

Gainera, gutxieneko etxebizitza kopuru bat duten bizitegi eraikinetan erreforma garrantzitsu bat egin nahi denean, aldez aurreko energia auditoretza bat egin beharko da, aurrezpena eta energia eraginkortasuna hobetzeko har daitezkeen neurri gehigarriak eta energia berriztagarrien instalazioak jartzeko dauden aukerak finkatzeko.

Halaber, bizitegi eraikin guztietan energia eraginkortasunaren ziurtagiria eduki beharko da 2022ko abenduaren 31 baino lehen, ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioak ezarri beharko dira, eta, eraikin berrietan, aparkaleku komunitarioak ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuen aurresistemez eta bizikletak erabili eta aparkatzeko guneez hornitu beharko dira.

Garraio pribatuari dagokionez, ezartzen diren irizpideak betetzen dituzten T1 eta T2 motako garraioen kasuan, egungo egoeraren eta garraio sistema alternatibo eraginkorragoak eta jasangarriagoak erabiltzeko aukeren konparaketa azterlan bat egin beharko da.

Azkenik, energia banatzen duten enpresek energia produktuen kontsumoei buruzko informazioa eman beharko diete administrazio publikoei, eta enpresa horiek edota neurtzeaz arduratutako enpresek sortutako datuetarako doako eta denbora errealeko sarbide telematikoa eta kontagailuaren beraren datuetarako zuzeneko sarbidea ahalbidetu beharko diete horniduraren titularrak diren azken kontsumitzaileei.

Iturria: Noticias de Navarra